viernes, 14 de noviembre de 2014

IRAKASLEARI EGINDAKO ELKARRIZKETA

Elkarrizketa hau egiteko aukeratutako irakaslea Esther izan da, nire lehen hezkuntzako tutorea eta beste ikasgai askoren irakaslea. Lan hau egiterakoan burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona izan zen hainbat arrazoiengatik. Izan ere, txikitatik oso ondo eraman naiz berarekin eta gainera, bere lanbidea ezin hobeto egiten duela uste dut. Hasieran ikasgai batzuekiko (adibidez, ingurune eta gaztelania) nuen interesa oso baxua zen, baina irakasle honek ideia horiek aldatu zizkidan.

Hasteko, maistra izatea zergatik erabaki zuen galdetu nion eta betidanik irakasle lana gustuko izan duela erantzun zidan, horrek bultzatu baitzuen  majisteritza aukeratzera, umeekin eta gazteekin lan egitea gustatzen zitzaiolako. Izan ere, praktikak burutu ondoren, gero eta gustukoagoa zuela konturatu zela kontatu zidan.

Umeekin izandako lehen kontaktuari buruz, hasiera batean ez zitzaion oso erraza egin, ohituta baitzegoen batekin edo birekin egoten, baina bat- batean horrenbeste umeen aurrean egotea arraroa egiten zitzaion. Denbora pasa ahala, pixkanaka- pixkanaka ohitzen joan zen. Baina lehenengo urteetan urduri zegoela eta konplikatua izan zela ere azpimarratu zuen.

Bestalde, irakasle bati zer aholku emango liokeen galdetu nion eta ideia hauek nabarmendu zituen: psikologia ondo menperatzea (harreman estuak sortzeko), harreman naturala edukitzea eta disziplina eta askatasunaren aldetik oreka lortzen saiatu behar da.

Krisiari buruz hitz egiten hasterakoan, elkarrizketak tonu serioa hartu zuen eta krisi ekonomikoaren ondorioak hezkuntzan oso nabariak zirela esan zidan. Alde batetik, diru sarreren murrizketa dela eta, klasean erabiltzen den materialean nabaritzen da. Bestetik, gure inguruan, familia mota berriak ere gero eta gehiago dira, etorkinak, guraso bananduak etab. Lehen, dirua suposatzen zuten ekintzak burutzeko inork ez zuen pegarik jartzen, gaur egun ordea bai. Baita ere, jangelan geratzen dira gurasoek ez dutelako adina diru ordaintzeko.

“Majisteritza zure espektatibak bete al ditu?” galdetu nion ondoren, gaia aldatzeko asmoz. Hasiera batean klasean ikasitako edukiak haurrekin gehiago landuko zirenaren ustea zuela erantzun zidan, baina denboraren poderioz, konturatzen hasi zen edukiak baino gehiago, garrantzitsua dela ikasleekin eta gurasoekin nola komunikatu eta elkar ekintzari, talde lanari, lanak nora bideratzea etab.

Ondoren, lanbidearen alde indartsuak galdetu nioenean Estherrek hainbat faktore esanguratsuak aipatu zizkidan, hala nola, haurrekin daukan tratua, haien bilakaera ikusteko aukera izatea, irakasleen arteko erlazioa ere zenbaitetan polita izan daiteke, haurrek beren arteko harremanak nola joaten diren garatzen ikustea etab. Baita ere zenbait alde txar edo ahul aipatu zituen, adibidez, batzuetan zaila izaten dela haurrek dituzten arazoak konponbide onenetara eramatea edo bilatzea. Esate baterako, familia barruan izan daitezkeen arazoak edo haurrak eskolako beste kideekin izan ditzakeen arazoei irtenbidea ematea.

Segidan, zenbait galdera motz egin nizkion, azterketei, testu liburuei eta etxerako lanei buruzko zein iritzi zuen jakiteko. “Testu liburuak, bai ala ez?” eta berak une batez pentsatu ondoren esan zidan liburuek segurtasuna ematen dizutela, baino gehiago gogoko duela inprobisatzea edo liburuan agertzen ez diren ariketak lantzea. Azterketei buruz, lagungarriak izan daitezkeela kontatu zidan, ikasleak edukien inguruan ezagutza barneratu dituen ala ez baieztatzeko balio dute, baina adin batetik aurrera jarri egin beharko zirela martxan uste du, eta ez DLH-tik. Talde lanen bidez, azterketak egin barik ikasle bakoitzak ebaluatu dezakezu. “Eta etxerako lanak?” esaterakoan irribarre egin zidan, ondo gogoratzen zuelako niri ez zitzaidala batere gustatzen etxerako lanak egitea. Hitz hauekin erantzun zidan “Bai, baina ez asko ezta beti ere”. Klasean emandakoa bukatu ez bada arrazoi ezberdinak direla eta, zerbait behintzat bidaltzea komeni ikuste du eta, gainera, ikastolan emandakoarekin ez dela nahikoa, etxean ere lanketa egin behar da gelan emandakoa ez ahazteko. Azken finean, etxerako lanak entrenamenduak dira edukiak hobeto menderatzeko.

Irakasle lanbidea hasi zenetik zenbait aldaketa ikusi zituela komentatu zidan, baina, batez ere, onerako izan dela. Hau arraro samar iruditu zitzaidan kontuan hartuta lehenagoko galderetan krisia dela eta gobernuak hartu dituen neurri ez dituelako begi onez ikusten. Berak argitu zidan ez zuela politikari buruz hitz egin nahi, ez zuelako batere gustuko, ikastolan erabiltzen den metodologiari buruz ari zela esna zidan. Izan ere, hasi zenetik gauzak asko aldatu dira, batez ere, onerako. Teknologiak oso gutxi ikusten ziren, gaur egun, ordea, ikasleek teknologiaren erabilera eskuragarri dute. Orain talde lana gehiago bultzatzen da indibiduala baino, hau da, lan kooperatiboa.Irakasleak emandako lanen bidez joaten dira esperimentatzen eta, jada, ez hainbeste irakasleek ematen dituzten azalpenen bidez. Hala ere, azpimarratu zuen oraindik umeak ez daudela ohituta talde lanean jarduten eta batzuetan ez direla beraien artean ulertzen, kosta egiten zaiela.

Azkenik,  ikastola hobetzeko zer proposatuko zukeen galdetu nion eta berak edukien inguruan aldaketa sustatuko zuela azaldu zidan, izan ere, hezkuntzan aldatu den gauza bakarra edukiak nola lantzea izan da, eta ez alderdi hauek eguneratzea. Gaur egun jorratzen diren gai berriak ematea garrantzitsua izango zela komentatu zidan, azken finean, baliagarriagoak izango direnak lanbideei begira.


                                 AITZIBER TORIBIO AGUSTÍN

No hay comentarios:

Publicar un comentario